Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzueragoa - Mugaz gaindiko gida - Sarrera

ARAKATZEKO LAGUNTZAK:

Edukira joan zuzenean.

Menura joan zuzenean.

ORRIAREN BURUA



BIDASOA-TXINGUDI Mugaz Gaindiko Partzuergoa. Topaguneak

ORRIAREN EDUKI NAGUSIA


ORRI HONEN BIDE-IZENA


Sarrera

PRINTZIPIOAK ETA ESKUBIDEAK

ZIRKULATZEKO ASKATASUNA, EGOITZA FINKATZEKO ASKATASUNA, ZERBITZUAK EMATEKO ASKATASUNA, BIZITZEKO ESKUBIDEA.EUROPAR HIRITARTASUNA

Europako Batasuneko hiritarrak, estatu kideen barruan, Erromako Tratatuan jasoriko pertsona, zerbitzu eta kapitalak aske zirkulatzeko printzipioaren onuradunak dira.

Pertsonak zirkulatzeko eta zerbitzuak emateko askatasunak soldatapeko langileak, besteren kontura lan egiten dutenak eta beren kontura la egiten dutenak edo autonomoak hartzen ditu aintzat. Beraz, jarduera ekonomikoetan parte hartzen duten pertsonei zuzendua da, besteren kontura lan egiten dutenei, beren kabuz egiten dutenei eta zerbitzuen hartzaileei; debekatu egiten da herritartasunean oinarritutako diskriminazioa, eta estatu kideetako herritarrak estatu kide interesatuko herritarrak bezala hartuko dira.

Honenbestez,

  1. Langileen zirkulazio askearen ondorioz, Europar hiritar orok du lan egiteko eskubidea edozein estatu kidetako langileen baldintza berdinetan eta lan egin nahi duen estatu kidean. Europar hiritarrak, honenbestez, estatu kide bakoitzeko herritarren pareko dira, batez ere lan zuzenbidearen arloan. Zirkulazio askeak debekatu egiten ditu batasuneko langileen eta hiritarren arteko diskriminazioak oro enplegu, soldata, lan-baldintza eta lan eta zerga betebeharren arloan.
    Gisa honetan, europar hiritar guztiek dute Europar Batasunaren baitan egiten diren lan eskaintzei erantzuteko eskubidea eta, xede horretan, Batasuneko lurraldean barna askatasun osoz mugitzeko eskubidea.
  2. Egoitza hartzeko askatasunak ordaintzen ez diren jardueretan sarrera izatea eta haiek baliatu ahal izatea dakartza berekin batera, baita elkarteak eratzeko eta kudeatzeko aukera ere, modu egonkor eta jarraituan.
  3. Zerbitzuak eskaintzeko askatasunak Batasunaren baitan zeuden mugen desagertzea ekartzen du. Gisa honetan, Estatu Kide bateko partikularrek eta elkarteek beren zerbitzuak eskaini ditzakete beste estatu kide batean. Honenbestez, zerbitzu edo elkarte horri leku egiten dion estatu kidearen lurraldetik kanpora bururatzen den jarduera batez, aldi baterako izaera duenaz, ari gara.

Hiru eskubide hauek honako hauek kontuan izanik interpretatu behar dira:


  1. Estatu kideek nazionalitatea ez dutenei begira eta ordena publiko, segurtasun publiko eta osasun publikoaren arrazoiengatik erregimen bereziak aurreikusi ditzakete. Baina badira muga batzuk, esate baterako, jarduera jakin batzuetan sarrera izateko mugak jarduera horiek zuzenbide publikoko boterearen jarduna eskatzen badute eta tokian tokiko interes orokorreko gaietan agintarien jarduna eskatzen badute. Adibidez, diplomazia eta epaile lanetan jarduteko mugak daude.
  2. Administrazio publikoko enpleguak Erromako Itunaren aplikazio esparrutik kanpo daude. Hala eta guztiz ere, Estatu Kideek arautu egin dute europar hiritarren enplegu publikorako sarrera. Ildo honetatik, Europako Justizia Epaitegiak kontzepzio funtzional baten alde egin du, eta horren arabera, soilik Estatu Kide bateko herritarrentzat gorde daitezke zuzenean edo zeharka botere publikoan esku hartzea ekartzen duten enpleguak eta Estatuaren edo beste elkarte publikoen interes orokorra zaintzeko xedea duten funtzioa.
  3. Agintari publikoek esku hartzen duten jarduerak, aldiz, ezin dira euren lurraldeetatik kanpora egokitu.
    Era berean, zehaztu egin behar dira egoitza finkatzeko askatasuna eta zerbitzuak emateko askatasuna lanbide jakin batzuk direnean eta lanbide horiek garatzeko diploma bat, erakunde profesional bati lotuta dagoelako agiria edo/eta baimen administratibo bat behar denean. Praktikan, horrek esan nahi du Europako Batasuneko estatu kideek elkarri ezagutzen diotela mediku, arkitekto, abokatu, ile-apaintzaile eta besteen lanbide tituluak, estatu kide bakoitzaren zuzenbideari gainditzen zaizkion arau europar zehatzen araberakoak baitira, eskubide horiek baliatu ahal izateko forma praktikoari dagokionez. Baina erne! Egun oraindik badira hutsune juridiko batzuk diploma edo/eta lanbide jakin batzuetan. Beraz, hiritarrak bere lana bururatu nahi duen herrialdean lanbide jakin batzuetan sarrara izateko bete beharreko baldintzei buruzkoak ikasi behar ditu, lanbide horretan hasi baino lehen. Ez da ahantzi behar, europar araudiak neurri handiagoan edo txikiagoan arauturiko lanbide baten esparruan izana la ez, lana bururatu nahi den herrialdeko hizkuntza jakitea eska daitekeela bururatu nahi den enpleguaren izaeraren arabera, horrek, beti ere, diskriminaziorik ezartzen ez badu.

Informa zaitez, halaber, europar herritartasuna izanik eta zuzenean europarra ez den baina Estatu Kide batek homologatutako diploma baten jabe izanik, kasu honetan ere zeure diploma baliatzeko mugak edo baldintza bereziak betetzeko eskatuko baitizute (ohikoa da, esate baterakoa, Argentinako diploma duten hiritar italiar eta espainiarren kasua).


Informazio hau kasuen araberako erakundeek emango dizute. Honatx adibide bat: Frantziako Unibertsitate batean zuzenbidean lizentziatua bazara edo Frantzian abokatua bazara, Frantziako eta Espainiako Justizia Ministerioan, Hezkuntza Ministerioan eta Abokatuen Elkargoan eskatu behar duzu informazio hau, nazioarteko edo Europako harremanak eta kasu bakoitzean lanbide hau homologatzeko eta bururatzeko baldintzak kudeatzen dituzten sailetan. Kasu askotan horien bulego nagusietan kudeatuko dira kontu hauek, sarritan Madrilen eta Parisen, nahiz eta erabakitzeko eskuduntza ordezkaritzek edo probintzietako organoek duten; eta hori horrela gertatzen da besterik gabe gaia ezezaguna delako, okerreko erantzuna emateko “beldurra” dagoelako.


Bestalde, Europar Batasuneko hiritarrak, estatu kideen baitan, MUGITZEKO ETA EGOITZA HARTZEKO ESKUBIDEAREN onuradun dira, Estatu Kide bakoitzaren baitako zuzenbidean zuzenbide komunitarioak eta hauek baliatzeko modalitateak zehaztutako baldintzak betetzen baldin badira. Interesatzen zaizkigun Estatuetan eskubide hauek baliatzeko baldintzetan sartu gabe, dagozkien kapituluetan izango baititugu aztergai, Europako zuzenbidean hainbat egoera bereizten dira, eta hainbat alderdi eduki behar dira kontuan:

  1. Mugitzeko eta egoitza hartzeko eskubidea, hiru hilabete artekoa. Europar Batasuneko herritar guztiek dute beste Estatu kide batera joateko eskubidea, dagokien nortasun agiria edo pasaportea aurkeztuta. Estatu kide bateko herritartasuna ez duten familiako kideak lagun duten hiritarraren eskubide beraren onuradunak dira, baina epe laburreko egonaldiak egiteko zenbaitetan iragan-agiri bat aurkeztu behar da nahitaez. Epe laburreko egonaldietarako iragan-agiriaren baliokideak dira egoitza txartelak. Hiru hilabetetara iristen ez diren egonaldietarako, berriz, indarrean den nortasun agiri edo pasaportearen jabe izatea baizik ez zaio eskatzen Batasuneko hiritarrari.
  2. Egoitza hartzeko eskubidea, hiru hilabetetik gorako epean. Baliogabetu da egoitza baimena Batasuneko hiritarrentzat. Nolanahi den ere, Estatu kideek hiritarrari eska diezaiokete iritsi den egunetik kontatzen hasi eta hiru hilabetetara agintari eskudunen aurrera aurkeztea. Hiru hilabetetik gorako egoitza-eskubidea lortzeko honako baldintza hauetako bat bete behar da:

    • besteren kontura edo norberaren kontura jarduera ekonomiko bat bururatzea;
    • nahikoa baliabideak eta gaixotasun aseguru bat edukitzea harrera egiten dion Estatu kidearen gizarte segurantzarentzat karga bat izan ez dadin bere egonaldian zehar. Ildo honetatik, Estatu kideek ez dute nahikotzat kontsideratzen dituzten baliabideen zenbatekoa zehaztu ahal izango, eta interesatuaren egoera pertsonala izango dute kontuan;
    • lanbide hezkuntzako ikasketak egitea 
    • arestian adierazitako baldintzetatik bat betetzen duen Europar Batasuneko hiritar baten familiako kidea izatea.

    Estatu kide bakar bateko herritartasuna ez duten baina Europar Batasuneko hiritar baten familiarrak diren kideek “Batasuneko hiritar baten familiako kidearentzako egoitza-baimen” bat eskatu behar dute; agiri horrek gutxienez bost urteko indarraldia izango du igortzen den unetik kontatzen hasita.
    Ez heriotzak, ez Batasuneko hiritarrari harrera egin dion Estatu kideko lurraldetik alde egiteak, ez senar-emazteen banaketak, ez ezkontzaren hausturak, ez erregistratutako elkartzearen amaierak, ez dute inolako eraginik Estatu bakar bateko herritartasuna ez duten familiako kideen egoitza-eskubidean, baldintza jakin batzuk betetzen badituzte.
  3. Modu egonkorrean bizitzeko eskubidea. Europar Batasuneko hiritar guztiek bere egiten dute harrera egin dieten Estatu kideetan modu egonkorrean bizitzeko eskubidea, estatu horietan bost urtez etenik gabe bizi izan badira eta euren aurka herrialde horietatik kanporatua izateko neurririk hartu izan ez bada. Modu iraunkorrean bizitzeko eskubideari ez zaio baldintzarik ipintzen. Arau bera aplikatzen zaie Estatu kide bakar bateko herritartasuna ez duten familiako kideei, Batasuneko hiritarrekin bost urte bizitzen eman badute. Eskubide hori lortuta, harrera egindako Estatu kidetik kanpora jarraian bi urte baino gehiago emanda baizik ez da modu egonkorrean bizitzeko eskubidea galtzen.
    Besteren kontura edo norberaren kontura lanean ari diren Batasuneko hiritarrei eta euren familiako kideei modu egonkorrean bizitzeko eskubidea aitortzen zaie arauen araberako bost urtez modu egonkorrean bizitzeko epea iritsi baino lehen, 1251/70 zenbakiko Araudian (EEE) adierazten diren baldintza jakin batzuk betetzen badituzte.
    Modu egonkorrean bizitzeko txartelak edo dokumentu baliokideak mugarik gabeko iraupena du, hamar urtean behin berritu egiten da automatikoki, eta eskatu eta sei hilabeteetara jasoko da. Hiritarrak, estatu horretan bizi dela erakusteko, harrera egin dion Estatu kidean xede horretan indarrean dagoen edozein agiri aurkeztuko du.
  4. Aldi baterako edo modu egonkorrean bizitzeko eskubidearen onuradun diren Batasuneko hiritar guztiek eta beren familietako kideek harrera egiten dien Estatuko kideek bezalako tratamendua jasoko dute. Nolanahi den ere, modu iraunkorrean bizitzeko eskubidea jaso baino lehen, harrera egiten dien Estatu kideak ez die zertan gizarte laguntzaren prestazioak edo gaixotasun aseguruak eman beharrik besteren kontura edo norberaren kontura lan egiten ez duten pertsonei, ez eta bere lurraldera ikasketak egitera joandako eta egoitza izateko eskubidea duten onuradunei bekak eman beharrik ere. Herritartasuna edozein dutela ere, familiako kideek besteren kontura edo norberaren kontura garatu ahal izango dute jarduera ekonomiko bat.
  5. Ordena publiko, segurtasun publiko eta osasun publikoaren arrazoiak tarteko herrialdean sartzeko eta egoteko eskubidearen mugak. Batasuneko hiritar oro eta bere familiako kide oro izan daiteke harrera egin dion Estatu kidetik egotzia ordena publiko, segurtasun edo osasun publikoko arrazoiak tarteko. Erabaki hori inoiz ere ez da arrazoi ekonomikoetan oinarrituko. Inoiz ere ezin izango da harrera Estatuko lurralderako sarrera eta egonaldia betirako debekatu.
  6. Egoitza-eskubidearen onuradun den Batasuneko hiritarren familiarrak, euren herritartasuna edozein delarik ere, nadira egoitza-eskubide honen onuradun ere. Familiartzat hartzen da erregistro publiko batean modu egonkorrean inskribatutako senar-emazteen pareko bikotea edo laguna, eta hiritarraren eta bere lagunaren edo bikotearen kontura dauden zuzeneko ondorengoak eta aurrekoak.

Bukatzeko, garrantzitsua da EUROPAR HIRITARTASUNAREN PRINTZIPIOA azpimarratzea. Europar Batasuneko hiritarra da Estatu Kide bateko herritartasuna duen oro, baita Batasuneko estatu bateko herritartasuna izanik beste herritartasun batzuk dituena ere, nahiz eta pertsona hori Europar Batasunetik kanpora bizi den. Honako hauek dakartza berekin batera printzipio honek:

  1. batetik bestera joateko eta bizitzeko eskubidea, jarduera ekonomiko bat garatu ala ez, zuzenbide komunitarioak ezarritako baldintzak betetzen baldin badira;
  2. botoa emateko eta jasotzeko eskubidea udal hauteskundeetan eta Europakoetan;
  3. estatu kide guztiek Batasuneko hiritar guztiak diplomaziaren bidez babesteko eskubidea;
  4. europar Legebiltzarrean eskaera egiteko eskubidea eta bitartekari komunitarioari helegitea aurkezteko eskubidea.

Honenbestez, esan dezagun gida hau europar hiritarrei zuzendua dela, Europar Batasunean sartzeko epeak eta aldi baterako arauen pean ez daudenei zuzenduak, azken hauei beste arau batzuk aplikatu baitakizkieke eta gidak halako nahasmena sor dezakeelako. Gainera, gero eta gehiago dira Europar Batasunekoak EZ diren, Europar herritartasuna EZ duten hirugarren estatuetako hiritarrak. Hiritar hauek beste arau batzuk bete behar dituzte, gida honetan soilik batean edo bestean aipatzen diren arauak. Beraz, agintari eskudunengana jotzea aholkatzen diegu horrelakoei, euren zalantzak argitzeko xedean.





Kategoria honetako galderak:


ORRI-OINA: