|
3 hiri, 2 historia, kultura 1 izenpean datorkigu Txingudi Badian egiten den Bidasoafolk jaialdiaren bederatzigarren edizio hau.
Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalerriek berriro ere egingo diete leku bertako paisaia ederra eta kultura interes handiko jaialdi hau uztartzen dituzten ekitaldiei.
Kulturen arragoa da Bidasoafolk, ateak denei zabaltzen dizkiena, gure eskualdeko mugaldeari aspaldi ahantziriko egitekoa itzultzen diona: berriro ere bestelako ikuspegiak dituztenen topagune bihurtzen du, trukeak egiteko topagune. Bat egiteak eta aurkikuntzak dira jaialdi honen izateko arrazoi, aspalditxotik pizten baitu gero eta gehiago diren adituen interesa, eta batez ere, halako jakin-mina dutenena, egokiera hau profitatuz gure Eskualdea are ederrago bihurtzen duen beste izar honen argitara hauteman baitezakete gurea.
Gisa honetako jaialdia bakarra da gure alde honetan, eta udako jaialdi hau Hendaia, Irun eta Hondarribiko 3 hirientzat beste aukera bat da elkarrekin lurralde honetaz gozatzeko, nola bertako hiritarrei hala udatiarrei kalitate handiko kontzertu eta kaleko ikuskizunak eskainiz, geure etorkizuna sendotzen duten tradizioak betiereko bihurtzen dituzten ikuskizunak eskainiz.
Bidasoafolk jaialdiak halako esklusibitatea du Folk moldeko musika tradizionala eta garaikidea sustatzen dituzten musika jaialdien antolamenduan.
Eskualdean bakarra, eta Gipuzkoan ere bakarra jaialdi honetan esku-hartzen duten artisten kopuru, kalitate eta aniztasunari erreparatuz gero, Bidasoafolk tradizioa eta modernotasuna uztartzen dituen jaialdi guztiz abangoardista da.
Tradizioa eta modernotasuna guztientzat, gazte eta helduentzat. Badiako biztanleentzat eta bisitarientzat, kaleko ikuskizun eta kontzertuen bidez, denak doan.
Emakumeek eta gizonek batu egiten dituzte euren indarrak jaialdi hau antolatzeko, eta artistei dagokienez, guztien arteko batasuna bila duen harmonia hautematen da musika alaiaren, jai giroko musikaren, aitzakiapean.
Organigrama:
Joxean Martín Zarko da Jaialdi honetako Zuzendari artistikoa.
Musikari eta programatzaile hau da Bidasoafolk jaialdian esku-hartzen duten taldeak bilatzeko arduraduna. Gure garaiko Folk musika taldeetako kide gisa duen izen ona eta ikuskizunen esparruan duen eskarmentu handia nahikoa berme dira gure jaialdiarentzat.
Bidasoa-Txingudi Mugaz gaindiko Partzuergoak antolatzen du Bidasoafolk jaialdia Hendaia, Irun eta Hondarribiko udaletako kultura arloekin koordinatuta.
Hauexek ari dira antolamendu teknikoaren buru:
- Javier González: Partzuergoko teknikaria
- Maitane Mirón: Administrazio idazkaria
- Itziar Ruano, Ana Almajano eta Miren Aranburu: Bidasoa biziriken Kontuhartzailetza eta Fakturazio arloa
- Anne-Charlotte Seychelles: Teknikari laguntzailea
- IRUDI EVENTOS & COMUNICACION enpresa
Ekitaldiaren izaerak berak eraman gaitu, mugaz gaindiko jaialdia baita, guztiaren berri hiru hirietan erabiltzen diren hiru hizkuntzetan, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez, ematera.
Bidasoafolk jaialdia nagusiki Gipuzkoako lurralde historikoko eta Iparraldeko biztanleei zuzendua da.
Bistakoa denez, Bidasoa-Txingudi Badiako biztanleak beste lekuetakoak baino gehiago izango dira, baina Gipuzkoa eta Iparralde osoko zaleak erakarri nahi ditugu, eta xede horretan publizitatea egingo dugu Donostiatik Baionarainoko tokiko hedabideetan, Tolosa, Donibane Garazi eta Mauletik igarota (telebista, irratia, prentsa, esku-paperak,...).
Izan ere, Bidasoa Behereko Eskualde hau Gipuzkoa eta Iparralde arteko kultura eta turismo gune bihurtu nahi dugu: elkar ulertzeko topagune, garapen iraunkorra zaintzeko gune, musika eta artea sustatzeko toki.
Premisa hau eskaintzeko xedearekin, Jaialdi honek, egitarau zaindu eta zorrotz baten bidez, balio handiagoa eman nahi dio geure ondareari, geure kulturari, batzen gaituen kulturari, euskal kulturari, herrialde askotako musika eta tradizioen bidez, gisa honetan garrantzi handiagoa emango baitiegu geure historiari, kulturari eta, nola ez, tradizioei.
Aurrekariak
Bederatzigarren edizioa izango du aurtengoak, eta esan beharra dago Irun, Hondarribia eta Hendaiako oholtza eta kaleetan era guztietako tradizioak, kulturak eta historiak presente egon direla izen handiko artista askoren musikaren eskutik. Geure jaialdian esku hartu duten artista horien artean aipagarri dira, besteak beste, Carlos Nuñez, Maria del Mar Bonet, Eliades Ochoa, Eliseo Parra, Benito Lertxundi, Manuel Luna, Teruelgo danbor jotzaileak, Pauliteiros de Miranda eta Ruper Ordorika.
|