Katia Guerrero - Abuztuak 21 ostirala; 22:30etan Hondarribia (Gipuzkoa plazan)

Katia Guerreiro Hego Afrikan jaio zen 1976. urtean. Neskatoa zela Azoreetan jarri zen bizitzen familiarekin batean. 1994an Lisboara jo zuen medikuntza ikastera. Azoreetan jarri zen aurrenekoz harremanetan musikarekin, "viola de terra" irlako musika tresna tradizionala jotzen ikasi baitzuen São Miguelgo folk talde batean. Lisboan gazte talde bat osatu zuen, eta bertako abeslari eta musika jotzaile nagusia izan zen. Laurogeita hamargarren urteetan Os Charruas rock taldeko kidea izan zen.

2000. urtean egin zuen topo, aurrenekoz, fadoarekin, Amália Rodrigues omentzeko Lisboako Koliseoan eskaini zuten kontzertu batean. Kritika espezializatua aho batez ari izan zen Katiaren emanaldia gaueko onena, garrantzitsuena, izan zela adierazteko orduan.

Katiaren aurreneko albuma, Fado Maior, 2001. urtean eman zuten argitara. Zilarrezko Disko bat jaso zuen lan hari esker, eta José Afonso Saria jasotzeko hautagaietako bat izan zen.

2003an kaleratu zuten egile honen bigarren diskoa, Nas Mãos do Fado izenburukoa, eta berriro ere José Afonso Saria jasotzeko hautagaietako bat izan zen. Lan honetan Katiak Portugalgo poesigintzan lehen mailako sortzaile direnen poemak abesten zituen, esate baterako, Luis de Camões, Ary dos Santos, Fiorbela Espanca eta António Lobo Antunes egileen poemak.

Zuzenekoetan ere ez da geldirik egon. Frantzia, Maroko, Belgika, Ingalaterra, Gales, Espainia, Norvegia, Polonia, Suedia, Grezia, Japonia, Italia, Tunisia, Caledonia Berria eta Turkiako hirietan izan da abesten, eta nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu du. Portugalgo gobernuak behin baino gehiagotan gonbidatu du Katia Estatuen arteko harrera ekitaldietan eta hainbat herrialdeetara egindako bidaia ofizialetan Portugalgo kantuen ordezkariarenak egin ditzan, musikari honen kategoria agerian utzita, ez ordea haren joera eta gustu politikoak. Izan ere, apirilaren 25eko Iraultza ospatzeko ekitaldietarako hautatua izan zen, zientzialari, maisu-maistra, idazle eta izen handiko beste pertsonaia batzuekin batean, haren belaunaldiko hogeita hamar pertsonaia eraginkorrenetako bat delakoan.

2005eko urrian argitaratu zuten Portugalen egile honen hirugarren albuma den hau, Tudo ou nada. Gai berri batzuekin batean (batzuk Katiak berak konposatuak), Vinicius de Moraes, Sophia de Mello Breyner eta António Lobo Antunes egileen poemetan oinarritutakoak abesten ditu lan honetan.

Katia Guerrero