Dulzaineros del Bajo Aragón taldea, Aragoiko folk talde ospetsu eta osoenetakoa, hainbat lan bururatzen ari da: ikerkuntza, diskoen argitalpena eta, batez ere, musikaren interpretazioa.
Lehenengo helburua gaiteroaren irudia berreskuratzea baldin bazen, luze gabe hasi behar izan zuten kontzertu eta emanaldi didaktikoak eskaintzen, eta gisa honetan jai giroan musikari herrikoiak modu esanguratsuan berreskuratzen eta eguneratzen lagundu zuten. Lan hau burura eraman ahal izateko Aragoiko musika-tresna tradizionalak erabili dituzte, aurrekariek baliatzen zituztenen kopia leialak; era berean, haien interpretatzeko teknika eta errepertorioa berreskuratu dituzte.
Urte hauetan zehar ehunka emanaldi eskaini dituzte espainiar estatu osoan, Frantzian eta Portugalen barrena ibili dira, eta Aragoiko musika tradizionalaren benetako aberastasuna erakusten duen musika ondarea ezagutarazi dute.
2007ko uztailean Dulzaineros del Bajo Aragón taldeak lehenengo saria jaso zuen Navelgasko (Asturias) “Cuartu de los Valles” nazioarteko folk musika jaialdian.
http://dulzainerosbajoaragon.com/