Benito Lertxundi Orion jaio zen, 1942ko urtarrilaren 6an, errege egunez. Bera izan zen sendi apal bateko bederatzi anai-arrebetatik azkena.
Jaiegun haundietan eta familiakoak bildutakoan kantatzen bazuten ere, ez zen musikaririk haien artean. Benitok berak ere zaletasun haundiagoa zekarren marrazkietarako-eta, herrian zen organojole bati entzuten egotea ere gustatzen zitzaion arren.
Hemeretzi urte zituela, erloju denda batean hasi zen lanean, Martin Lizasorenean. Erlojuak konpontzen ikasi zuen orduan, baina baita besterik ere. Egun batean Lizasok laud bat utzi zion. Berekasa hasi zen Benito, hura afinatzen eta jotzen. Gogokoa izan zitzaion nonbait, eta hurrengo pausoa gitarra elektrikoa erostea izan zuen. Erloju dendan bertan jotzen zuen, bazkalondoan zabaldu aurretik, bere gustoko kantarien bertsioak egin eta euskaratuz: Shadows, Cliff Richards, Elvis Presley...
Hala ere, zaletasun hura ez zen ezaguna. Halako batean ordea, orduko La Voz de Espaņa egunkari Donostiarrak kantu txapelketa bat antolatzen zuela eta hara agertu zen, beste 400-500 lagun bezala, Bellas Artes antzokian abestera. Aukeratuetakoa izan zen, eta hortik aurrera aldatu egin ziren gauzak: herrikoentzat aipagai, familiakoen artean Komeriante... eta Mikel Laboak ere deitu egin zion.
Benito Lertxundik bere soinu berriak aurkeztuko ditu.